XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

(...) jakin arren nere apain hornigarriak alferrik direla zure agradamendurako, halere, laketzeko ohiturari eusten diot.

Ez naiz inoiz oheratzen usain gozoenak dituzten perfumez lurrinztatu gabe.

Nere besoetara zentozkidan garai zoriontsuez oroitzen naiz; plazerez betetzen nauten amets liluragarriek nere amodioaren irudi maitekorra agertzen didate, hura desiatuz galtzen da nere irudimena, haren itxaropenarekin bailakatzen den eran.

Zenbat aldiz ez ote dut pentsatu bidai nekagarri horretaz nardaturik gureganatzen zarela; eta ez loarenak ez beilarenak diren gogoetekin igarotzen ditut gauak; nere alboetan bilatzen zaitut eta badirudit ihesi zoazkidala; azkenean akabatzen nauen suak berak suntsiarazten dizkit liluramenduok eta nere baitara erakartzen.

Ordukotz hain da sua bortitza...

Usbek, ez nauzu sinestuko, baina ezina zait bizitzea gehiago honela; suak irakiten dit zainetan.

Nola daiteke adierazi ezina izatea hain barne sentitzen dudana! eta nola dezaket senti hain barnean ezin adierazi dizudana!

Instant hauetan, Usbek, Munduko Inperioa ere emanen nuke zure laztan bakarraren ordainez.

Zein malerusa gertatzen den emazte bat grina bortitz horien boterepean eta ase ditzakeen bakarraz gabetua denean! abandonatua utzirik, ezerk alegera ezin dezakeenean, eta bizi behar duenean suspirioetara eta pasio samur batera ohiturik; zoriontsu ez izateaz gain ez daitekeenean beste inoren zorion iturri izan ere: andereneko hornimendu ezteusa, bere senarraren ohoreagatik eta ez zorionagatik gordea!

Zein krudelak zareten gizonak! Ase ez ditzakegun pasioez beteta izan gaitezen gura duzue; bihotz gabeak bagina bezala tratatzen gaituzue, eta bestalde, kexu zinatekete halaxekoak bagina; uste duzue hain luzaro atsekabez beteriko gure nahikundeak zuen bistaurrean biztu eginen direla.

Gauza zaila da benetan maitatua izatea lortzea; errazagoa da zure meritu propioez espero ez duzuna gure sentimenduen etsipenetik iristea.

Adio, nere Usbek maitea.

Badakizu ez naizela bizi zu maitatzeko baizik; nere arima zutaz betea daukat (...).